2018-2019 IKASTURTEKO MATRIKULA ZABALIK

Irailaren 26ra arte matrikula zabalik! 

  • Ikastaroak:
    • Aurrez aurrekoak: 2 edo 4 egun astean
    • Autoikaskuntza, BOGAren bidez
  • Mailak: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2
  • ELGOIBAR
    • Kalebarren plaza, 2
    • Tel.: 943 742731
    • udaleuskaltegia.elgoibar@debabe.eus
  • DEBA
    • Ifar kalea, 12, behea
    • Tel.: 943 192236
    • udaleuskaltegia.deba@debabe.eus
  • MUTRIKU
    • Luardo Etxea. Sabanika aldapa, 4
    • Tel.: 943 603094
    • udaleuskaltegia.mutriku@debabe.eus

Animatu eta etorri euskaltegira!

Elgoibar: 9:00 – 13:00 / 15:30 – 19:30
Deba
: 10:00 – 12:30 / 17:00 – 19:30
Mutriku: 9:00 – 13:00 / 16:30 – 19:30

Kategoriak debabe | Iruzkinak desaktibatuta daude 2018-2019 IKASTURTEKO MATRIKULA ZABALIK sarreran

Musika airean

  • Liburua: Musika airean
  • Egilea: Karmele Jaio
  • Argitaletxea: Elkar

Irakurtzeko erraza den eleberri honek 80 urteko emakume alargun baten bizitzako sentimendu eta gertaera gazi-gozoak kontatzen dizkigu.

Elenak, liburuko protagonistak, egongelako leihoan pasatzen ditu eguneko ordu gehienak, besaulki batean jarrita herriko plazari begira, haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak gogoratzen. Musika airean zabaltzen den bezala, bizitza ihesi doala pentsatzen pasatzen du eguna.

Seme-alabek Ekuadorreko neska bat ekarri diote animatzeko. Horrela, euren arteko harremana eta, era berean, zaintzaileak medikuarekin egiten duen harremana ikusiko dugu. Baita Elenaren semeak bere emaztearekin duen mesfidantza ere. Gainera, Elenak txikitako lagun minarekin 30 urtez haserretuta egoteko arrazoia ezagutuko dugu, sorpresa bat medio. Sorpresa, irakurleak bakarrik jakingo du.

Gehien gustatu zaidana, bizitzarekin egiten duen konparazioa eta erabiltzen dituen metaforak izan dira, hala nola liburuaren izenburukoa.

Maite U.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkinak desaktibatuta daude Musika airean sarreran

Amaren eskuak

  • Liburua: Amaren eskuak
  • Egilea: Karmele Jaio
  • Argitaletxea: Elkar

Oso erraz irakurtzen den liburu bat da. Asko gustatu zait, idazteko moduagatik eta istorioek kontatzen dutenagatik ere bai.

Nerea da eleberri honetako protagonista. Nerea, 37 urteko neska bat da, kazetaria. Bikotekidearekin komunikazio falta du, bere alaba ikusteko denbora gutxi, eta erbestean egon den gaztetako mutil lagun baten berriak jasotzen ditu.

Bere bizimodu konplexuari bere amaren ospitalizazioa gehitzen zaio. Ama, kalean galduta aurkitu dute, eta ez ditu bere seme-alabak ezagutzen. Baina batzuetan hitz solteak esaten ditu, bere gaztetako gauzak.

Alemanian bizi den izekoren laguntzarekin amaren historia ezkutua ezagutuko du, eta izekok eta Nereak uste dute eman ez dioten laguntza orain eskaintzeko aukera izango dutela amaren desio bati esker, eta, horrela, Nereak bere amaren eskuak berreskuratzeko aukera izango du. Lortuko ote du esku horiek berreskuratzea?

Maite U.

 

Kategoriak Irakurritako liburuen iruzkinak | Iruzkinak desaktibatuta daude Amaren eskuak sarreran

TENTAZIOAK

  • Liburua: Tentazioak
  • Idazlea: Jasone Osoro
  • Argitaletxea: Elkarlanean

Ez naiz irakurzalea, urtean behin edo irakutzen baitut. Gustatu, gustatzen zait irakurtzea, baina asko erakarri behar nau hasieratik, bestela erraz uzten dut. Baina herriko baten liburuak gaurko honetan erakarri egin nau.

Jasone Osoro elgoibartarrak idatzitako lehen liburua da. Tentazioak liburuak 25 ipuin biltzen ditu, horietatik 3 ipuin klasikoak dira: Txanogorritxu, Edurnezuri eta Errauskine, baina bukaera idazlearen ukituarekin.

25 istorio hauetan, maitasuna, sexua, gizon-emakumeen artean sortzen diren sentimendu, korapilo eta ezin ulertuak azaltzen dira. Adibidez, klaratar gazte baten lehenengo tentazioa, engainatua sentitzen den senar bat, autobus bidaia, zeloak… .

Erraz irakurtzen den liburua da, baina askotan istorioak esan nahi duena ulertu edo interpretatu egin behar da.

Ipuinak direnez, badu abantaila. Liburua ireki eta izenburuagatik erakargarria egiten zaigun ipuina irakur dezakegu.

Maite U.

Kategoriak Irakurritako liburuen iruzkinak | Iruzkinak desaktibatuta daude TENTAZIOAK sarreran

Titare bete zorion

  • Liburua: Titare bete zorion
  • Idazlea: Miren Agur Meabe
  • Argitaletxea: ELKAR

Nik normalean gauean irakurtzen dut, lo egin baino lehen. Liburu hau ere horrelaxe irakurri dut.

Pertsonaia nagusiak Juan eta Maria dira. Juanek eta Mariak elkar ezagutu dute Juanen emaztearen hiletan. Juan maisu erretiratua da, eta Maria, jostuna.  Elkarrekin bizitzen jarriko dira oroitzapenak eta asmoak partekatzeko. Erabaki dute orain dela beren momentua elkarrekin bizitzeko. Garbi dute oraina dela garrantzitsuena.

Elkarrekin gauza bereziak egiten dituzte, eta elkarri laguntzen diote. Baina Juan gaixotu egin da. Tratamendu berriak probatu dituzte, baina Juan gero eta okerrago dago, eta orduan bien artean erabaki dute amaiera.

Zorionari buruz hitz egiten du liburuak. Gustatu zait bizitzako gauzak jorratzen dituelako. Jende helduari gomendatuko nioke.

Begoña

Kategoriak Irakurritako liburuen iruzkinak | Iruzkinak desaktibatuta daude Titare bete zorion sarreran

De que hablo cuando hablo de correr

  • Liburua: De qué hablo cuando hablo de correr
  • Idazlea: Haruki Marukami
  • Argitaletxea: Tusquets

Liburu hau oso interesgarria da. Idazlea Marukami da, japoniarra eta oso ospetsua. Liburu pilo bat idatzi du. Ez da luzea eta oso erraza da irakurtzeko.

Pertsonaia nagusia Marukami da, lehenengo pertsonan idatzita dago. Liburu honetan idazleak azaltzen du nola prestatu behar duen ehun kilometro korrika egiteko. Marukami korrikalaria da eta maratoi batzuk egin ditu. Jendeak normalean ez daki idazlea korrikalaria dela, baina egia da, eta liburu honekin jakin du. Oso gogorra da ehun kilometro korrika egitea, eta Marukamik oso ondo azaltzen du bere hitzekin.

Liburua asko gustatu zait, nik ere korrika egiten dut eta. Edozein pertsonari gomendatzen diot, nahiz eta korrika egitea ez gustatu. Oso interesgarria da benetan.

Xabi

Kategoriak Irakurritako liburuen iruzkinak | Iruzkinak desaktibatuta daude De que hablo cuando hablo de correr sarreran

Afrikako semea

Liburuaren iruzkina

  • Izenburua: Afrikako semea
  • Idazlea: Aitor Arana
  • Argitaletxea: Ibaizabal

Liburuak gustatu arren, ez dut gehiegi irakurtzen. Esan beharra daukat despistatu samarra naizela eta irakurtzen dudana ahaztu egiten zaidala. Nahiz eta liburu erromantikoak gustatu, liburu hau ondo dago, eta gustatu egin zait.

Afrikako semea Aitor Aranak idatzitako liburu bat da. Bertan idazleak Osanbo izeneko mutil baten istorio tristea kontatzen du, eta, gainera, XVIII. mendeko esklaboen bizitzari buruz dihardu. Nahiz eta gogorra iruditu, nobela oso ondo dago.

Mutikoa esklabo egin zuten eta Amerikara eraman zuten. Asko borrokatu zuen esklabo izateari uzteko. Bere bizitza galdu zuen bere ametsa egia bihurtzeko.

Liburua oso ondo dago idatzita, nire ustez, ondo adierazita daudelako pertsonaien sentimenduak eta gertaerak, oro har. Merezi du irakurtzea, batez ere historiako pasarte honi buruz beste ikuspuntu bat ikasten duzulako.  Drama edo historiari buruz hitz egiten duten liburuak gustatzen zaizkion jendeari gomendatuko nioke.

Garazi

Kategoriak Irakurritako liburuen iruzkinak | Iruzkinak desaktibatuta daude Afrikako semea sarreran

Konfiantzaren Pedagogia

  • Liburua: Konfiantzaren Pedagogia
  • Egilea: Arizmendi Ikastola

KONFIANTZAREN PEDAGOGIA liburuaren iruzkina

Niretzako irakurtzea plazera da, eta, horretarako tartea dudanean, gustura sentitzen naiz. Genero guztiak atsegin ditut; hala ere, poliziakoak edo eleberri beltzak dira gehien atsegin ditudanak.

Irakurri berri dudan liburuaren izenburua Konfiantzaren Pedagogia da. Liburu honetan, nire bi pasioak uztartzen dira, alde batetik, irakurketa eta, bestetik, hezkuntza. Eta hau horrela izanik, oso gustura irakurri dut.  Nahiz eta  hezkuntza arloa jorratu, ez da zertan irakaslea, pedagogoa, edota gai horretan aditua izan behar liburua ulertu ahal izateko. Izan ere, bertan azaltzen diren azalpenak era xumean idatzita daude, eta, bestalde, hainbat adituri egindako elkarrizketen bidez, gai sakonak eta korapilatsuak garatzen dira, irakurlearen “lana” erraztuz.

Arestian aipatutakoa kontuan izanik, liburua guztiz gomendagarria dela pentsatzen dut. Beraz, animatzen zaituztet liburu honen bidez hezkuntza arloan murgiltzera.

Liburuan, Arrasateko herrian kokaturiko Arizmendi Ikastolan aurrera eraman duten pedagogia berria azaltzen da. Horretarako, irakurgaia  hiru zatitan banatuta dago: lehenengo zatian, elkarrizketa bat dago, liburua laburtzen duena; bigarren zatian, irakasleei egindako elkarrizketa agertzen da; eta, bukatzeko, Konfiantzaren Pedagogiaren oinarriak laburbiltzen dira.

Horretaz gain, hezkuntza arloan aurrera eraman diren metodologia tradizionalek eragin dituzten oztopoak eta hutsuneak azaltzen dira eta, horren aurrean, konfiantzaren pedagogiak eskaintzen dituen aukerak azpimarratzen dira.

Beraz,  liburua irakurtzera animatzen zaituztet!!

Joana

Kategoriak Irakurritako liburuen iruzkinak | Iruzkinak desaktibatuta daude Konfiantzaren Pedagogia sarreran

Xolak badu lehoien berri

  • Liburua: Xolak badu lehoien berri
  • Idazlea: Bernardo Atxaga
  • Argitaletxea: Erein

Lehendabizi, nolako irakurlea naizen azalduko dizuet. Bada, oso irregularra naiz, alegia, irakurtzen dudana gustatzen bazait, bukatu arte egongo naiz jo ta ke edozein momentu aprobetxatzen. Baina liburuak ez banau harrapatzen, bada, nire mesanotxean egon daiteke denbora luzez. Bada, beno, nik irakurritako liburua, Xolak badu lehoien berri, lehenengo adibidean sartuko da, hasi eta berehala harrapatu nau eta.

Kontatzen den istorioa arratoi-zakur bati buruzkoa da. Xola zakur xelebrea da eta Grogo jaunarekin bizi da. Halako batean, Afrikari buruzko istorioak eta lehoiaren deskribapena entzundakoan, konbentzitu da bera ez dela arratoi-zakur bat, lehoi dotore, indartsu, boteretsu eta noblea baizik, eta ordutik aurrera egoera bitxietan sartuko da.

Edozein pertsonari gomendatuko nioke liburu hau irakurtzea, bereziki eguneko arazoetatik berehala deskonektatu nahi dutenei, barre batzuk egingo dituztelako.

Maite

Kategoriak Irakurritako liburuen iruzkinak | Iruzkinak desaktibatuta daude Xolak badu lehoien berri sarreran

Oilar-jokoa

  • Komikiaren izenburua: Oilar-jokoa
  • Gigoigilea: Muro Harriet
  • Marrazkilaria: Astrain
  • Argitaletxea: HABE

Bai, lagunok, komiki bati buruzkoa da iruzkin hau. Izan ere, ni ez naiz komikizalea, baina ez da gustatzen ez zaizkidalako, nire barnean gazteei zuzendutako irakurketak direlakoan nagoelako baizik. Zer irakurri aukeratzen ari naizenean, gehienetan liburu bat edo antzekoak aukeratzen ditut. Dena den, komiki bat da gaurkoa, eta asko gustatu zait.

Pilotari bat da protagonista, baina ez edozein pilotari, saltsa batetik irten orduko beste batean sartuta dagoen horietakoa da gure pilotaria. Istorio honetan ere horrelakoak gertatzen zaizkio. Pilota partida batean tongo egiten du, eta jendea konturatzen da. Ondorioz, ospa egin beharrean dago, eta Manilara joatea erabakitzen du. Hala ere, gauzak ez zaizkio ondo joaten. Berak jakin gabe zer gertatzen ari den, arazoak bat bestearen  atzetik datoz.

Oso entretenigarria da, eta marrazkiak primerakoak dira. Ondo erakusten digu Astrainek bere abilezia komiki honetan. Gidoiak ere badauka berea. Manilan garai hartako ohiturak, izaerak, janzkerak zein etxeak eta kaleak nolakoak ziren ondo erakusten digu komiki honek.

Beraz, guztiz gomendagarria delakoan nago.

Beste bat arte.

Luis

Kategoriak Irakurritako liburuen iruzkinak | Iruzkinak desaktibatuta daude Oilar-jokoa sarreran