HERRIKO KALE IZENDEGIA

Badirudi, udal ordezkariei aurkeztu diedan proposamenak gure herriko zenbaitengan halako deserosotasun bat eragin duela. Hori dela eta, nire zergatiak agertu nahi dizkizuet Berriketan aldizkariak eman didan aukera aprobetxatuz.

 

Gizon eta emakumeen berdintasuna sustatzea da nire eginkizuna: horretarako kontratatu nau udalak, eta lehen urratsa herrian dauden edo gertatzen diren desberdintasunak azalaraztea da, ondoren aztertu, berdintasunera bultzatuko dituzten jarrerak sustatzeko. Hasierako lan horretan, beste askoren artean, zera nabaritu dut: herrian ez dagoela emakume bati eskainitako kalerik; denek dituzte gizonezkoen izenak; toponimiari lotutako gutxi batzuk salbu, gerlarienak dira gehienak, apaizenak beste batzuk, eta santuenak besteak; hauek ere, denak gizonezkoak.

 

Zergatik kontsideratu ditugu pertsona esanguratsu, soilik gizonezkoak? Zergatik ez daukagu emakume bakar bat ere? Erantzunak aurkitzeko egin dezagun atzera geure historian. Emaztearen rola funtsezkoa zen aspaldi-aspaldiko egitura matriarkal hartan. Herri gerlariek gurera heldu zirenean, ekialdeko egitura matxistak hedatzen joan ziren inposaketaz; eta, ezpatez alda ezin zituzten ideiak, erantsirik zekarten kristautasunak misteriozko hitzez lortu zuen. Bat-batean, gizonezkoak agintean, eta emakumeak, euren sailkapenaren arabera, bigarren mailako estatus eta eginkizunetara: sexu beharrak asetzeko, umeak egiteko, haurrak eta adinekoak zaintzeko, etxeko lanak egiteko…, gizartean ez zuten bozik, elizan atzeko aulkietan…Eta, gaur? Atzo arte iraun duten zenbait jokabide aldatu baditugu ere, zenbat gelditzen zaizkigu oraindik zintzilik? Pentsa; maitasuna hitzetik hortzera eta bere izaeraren ardatz aldarrikatzen duten horiek, oraindik, ez dute duin ikusten, emaztea euren egitura hierarkikoaren partaide izateko. Nola izango ote da maitasuna kontutan ez duten beste esparruetan… Ohiturek baldintzatzen dizkigute ikusteko aukerak, eta ez gara jabetzen matxismoak ezarritako zenbait esparru: horietako bat da kale izendegiarena.

 

Herriko historiaren eragileak, nire ustez, ez dira izan kale izenak dituzten handi-mandi horiek. Agian, herrian jaioko ziren, baina herriko historia jende xeheak egin du: gehienetan handi-mandi horiek zapalduta zeuzkaten herritarrek. Gure kultura eurena da. Haiek erakutsi digute arrantzan, laborantzan, ofiziotan: hitz batez, bizibidean. Eta sailkapen matxista alboratuz, beti aurkituko dugu emakumea garrantzizko lekuetan. Beraz, eman dezagun urrats bat aurrera! Izan gaitezen bidezkoak, eta erabaki dezagun nortzuk merezi duten gure kaleen izenak. Zergatik ez arrantzaleen kalea, baserritarrena, jostunena, arotzena, langileena… Horrela: hizki larririk gabe. Izen gabeko gizaki handi asko izan baitugu gure aurretik. Aitortu diezaiegun beren lana!

 

Bukatzeko, Pio Barojaren “Bizi terraltsuak ” liburuaren “Angelus” kontakizunaren hasiera aipatuko dizuet. Ezohikoa delako idatzietan emakumea horrelako lanetan aipatzea: “Hamahiru gizon ziren, hamahiruak kinka larrietan zailduak, eta itsasoarekin borroka gogorretara jarriak. Andere bat ere bazen tartean, ontzi zainaren emaztea, hain zuzen ere…”

 

 

Udaleko berdintasun teknikaria

Kategoria: Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.