ZEZENA DATOR TXURRU ATZETIK…

Madrilgo Gobernuak abortuaren legea aldatzeko asmoa agertu duen honetan, takigrafoen hotsak eta hedabideetako uhinak eromenaren bidetik dabiltza. Eskuineko partiduak aldatzearen aurka azaldu dira; baina, ohi denez, eliza katolikoaren hierarkia mintzatu da hitz gogorrenekin, eta berriro dantzatu du eskumiku hitza aldeko botoa ematen duten parlamentarientzat. Historian zehar, herri xehea lotzearen aldeko azaldu dira ia beti, sexua hurbil dabilen eremuetan batik bat: elizgizon askotxok arazotxoak dituzten esparru horretan, hain zuzen. Nire lagun Josebak aspaldi esaten zuen bezala: “ Batzuen sotanak harizkoak izan ordez brontzezkoak balira…, makina bat dangada entzungo genituzke “. Dena den, ika-mika horiek aditzean, nire pentsamenduak aspaldi baten Mutrikuko udal artxiboan irakurritakoetara eraman ninduen, eta nire paperetan arakatu ondoren, hara zer dudan jasota:

 

1.746ko urteko madalen jaiak ziren. Arrantzaleak etxean izanaren parada aprobetxatuz, parrokiak misioak ematea erabaki zuen, eta horretarako Sebastian Mendiburu, Jesusen Konpainiako misiolari apostolikoa, ekarri zuen hitzaldiak eta elizkizunak zuzentzeko. Une berean, Francisco de Zuazola zen herriko alkate, eta 40 eguneko jubileu edo induljentziak lortzeko asmotan zein Jesusen Bihotzeko Kongregaziorako behar zituenak, Mendiburu jaunarekin akordio batera iristea lortu zuen: Frai Domingo de Astigarribiari, orduko bikario orokorrari, gutun bat idatziko ziola bitartekari lanak eginez. Don Sebastian ez izan hankamotza, ordea, eta trukean udal korporazioaren aurrean azaltzea lortu zuen.

 

Abuztuaren 1ean egin zen bilera, eta, konfesatokiak emandako abantailak erabiliz, betozkoak jarri eta, serio-demonio, honela mintzatzen zaie udal gizonei: “Malenetako zezenketek galera nabarmenak ekarri dituzte herriko arima askorentzat, gazteriarentzat bereziki, baina, baita kalitateko jendearentzat ere. Zezenketetara etortze-joanak eta ondorengo su eta dantzak sexu ezberdineko jendea elkartzea ekarri du; nahiko arrazoi izanik hori zezenketak desagerrarazteko ”. Garrantzizkoak beharko zuten izan induljentziak, zeren, udal korporazioak, Jaunaren zerbitzu hobeago baten nahian, zezenketak gehiago ez antolatzea erabakitzen du; soilik, gertakizun berezietan izango dira, hala nola, printzeen koroatze eta horrelakoetan. Zezenketa horietarako neurri bereziak hartuko dira itxura eta onestasuna zaintzeko, eta zigorrak ezarriko betetzen ez dituztenei.

 

Gure Mendiburuk, dirudienez, ez zuen nahikotzat hartu erabakia, eta beste zenbait bekatu-bide aipatu ondoren, eskumiku hitza erabiltzen du esku hartuta dantzan egiten duten neska-mutilentzat. Mehatxu hori ekidin asmoz eta induljentzien bidetik ez aldentzeko, erabaki hauek hartzen ditu korporazioak:

 

1)      Gorputz Eguna arte, debekatuta gelditzen dira dantza mota guztiak.

2)      Ez dira baimenduak izango, inoiz, ordu debekatuetan.

3)      Dantzatzean zapitxo bat erabiliko dute elkarri heltzeko gizon eta emakumeek.

4)      “Tapatuan ” deritzan doinuan dantzatzea debekatuta gelditzen da.

5)      Dantza denboran, aurretik edo geroztik, inork neurriz kanpo jokatzen badu, kartzelaratua izango da.

6)      Debekatzen dira ermitetako dantza eta danbolinak, San Blas ermitakoak bereziki.

7)      Eskolan neska eta mutilak bananduak izango dira.

8)      Harresitik kanpo dagoen Azkiagako iturria kendu egingo da, bekatu askoko lekua delako, eta bertako urak Zubiagara jaitsiko dira iturri bat eraikiz.

9)      Inauterietan dantzak eta mozorroak sortzen dituzten eskandaluak direla-eta,  kartzelaratuak izango dira mozorrotzen direnak. Elizan Jauna agerian jarriko da, eta sermoiak antolatuko.

 

Ez ziren, jakina, denen gustuko erabakiak izan. Juan de Mendizabal eta Francisco Olaetceak, zezen zaleak itxuraz, ozen altxatu zuten ahotsa esanez: “Ez gaude ados! Lau induljentzia kaxkar direla-eta, ez daukagu zertan gure ohiturak aldatu. Gora zezenketak! “.

 

Artxiboko dokumentu zaharrak irakurtzen jarraituz, urte bereko urriaren 4an kalitate oneko bi zezen hil ziren, Fernando VI.ren koroatzea ospatzeko. Soraluze eta Azpeitiko danbolindariak ekarri zituzten jaia animatzeko. Hartu ote zituzten agindutako neurri bereziak?, ala Mendizabal eta Olaetcearen alde jarrita zeuden mutrikuarrak ordurako?

 

Ondo txertaturik zeuden ordurako ohiturak, ordea, eta zaila izango zen uztea. Beste dokumentu baten jartzen duen hau irakurtzean konturatuko gara noraino iristen zen zezenen txertoa: “Santa Katalina komentuko lekaimeek, beren priorea Antonia NS Maria Idiaquez aurrean zela, baimendu zuten, 1683ko otsailaren 16an,  malenetako zezenketak euren etxaurreko plazatxoan egitea “. Merke-merke aterako zitzaien “tendidoa”; nola uztartzen zituzten “oleak” eta “miserereak” nahi nuke jakin. Kontuak kontu, ez da zaila pentsatzea zezenketen benetako etsaia, beste arlo askotan bezala, nola ez, dirua izango zela. Dataren erreferentzia galduta dudan dokumentu zahar horietako baten zera zegoen idatzita: “Aurten dirurik ez dagoenez, antzarrak antolatuko dira zezenketen lekuan “.

 

Zer iruditzen zaizue? Asko aldatu ote dira gauzak? Eta, “Mater et magistra“ bere burua izendatzen duen Erromako elizak gehiago erabiliko balu “mater” etik, eta gutxiago “magistra” tik? Agian, hobeto?

 

Zezena dator txurru atzetik, kaka dariola buztan azpitik, fra! batetik, fra! bestetik, dena leku batetik… lara… lara…

 

 

                                                                                 

 

                                                                                  Joakin (2009-12-09)

Kategoria: Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.