BIODIBERTSITATEA GALTZEKO BIDEAN?

 

Gizakiok betidanik izan dugu bidaiatzeko zaletasuna. Zaletasun hori historiaurreko garaietatik antzeman daiteke. Aro horretan, zaletasuna baino gehiago, behar bat zen, izan ere, bidaien arrazoi nagusiak animalien migrazioak eta lekuko baldintza klimatikoen aldaketak baitziren. Baina, hasierako bidaia horiek ez zuten lekuko naturaren gain aldaketa nabarmenik eragiten, zeren eta gizakiak naturak baldintzatutako mugimenduak egiten zituen, bertan zeuden baliabideak lekuan utziz.

Neolitikotik aurrera, bidaia hauen funtsa aldatuz joan zen. Aldi honetan, gizakia nekazaritza garatzen hasi zen, eta ,naturalki, biziraupen esparru oso txikia zuten landareak ereiten hasi zen, hala nola, garagarra, arroza eta garia. Horrek, lurralde eta ingurune desberdinetara landare hauen inbasioa ekarri zuen. Poliki-poliki ingurunean zegoen jatorrizko landaredia ordezkatuz joan zen.

XV. mendean, europarrak Amerikatik etorri zirenean, hainbat landare arrotz sartu zituzten kontinente zaharrean. Horietako asko egungo euskal nekazaritza eta sukaldaritzaren parte bihurtu dira (patata, piperra, indabak edo babarrunak, tomatea, etab.). Beste batzuk, aldiz, kontrolik gabe hedatu ziren Europan zehar (Robinia pseudoacacia etab.)

XX. mendetik gaur arte itsasoz, lurrez zein hegazkinez garatutako garraio interkontinentalaren hedapenak (gizakiaren bidaiengatik) landare-espezie askoren hazien zabaltzea eragin du. Horietako batzuk klima eta ingurumen-baldintza egokiak topatu dituzte kontrolik gabe hedatzeko. Lorategietatik edota etxe pribatuetatik etorritako apaindura-landareen hedapena (Cortaderia selloana, Baccharis halimifolia etab.) bereziki esanguratsua da.

Beraz, gizakiak lurrari emandako erabilpenaz baliatu dira zenbait landare-espezie munduan zehar sakabanatzeko. Gaur egun zenbait landare-espezieek izurriteak sorrarazi dituzte, hau da, naturalki jatorrizkoak ez diren lekuetara garraiatutako edo eta edota askatutako espezieak leku berri horietan oso ederki egokitu dira, bertako jatorrizko landaredia baztertuz. Eragin hau lekuko biodibertsitatearen galeraren arrazoi nagusienetako bat da.

Hasiera batean,landare inbaditzaile arrotzak bertoko landarediaren aldetik oztopo handirik pairatzen ez dituzten guneak kolonizatzen hasten dira. Gune hauek batez ere zabortegiak, nekazaritza lurzoruak, nekazaritza ustiatu gabeko lurzoruak eta abar dira. Hasierako momentuan landare inbaditzaile hauek ez dute ekosistema naturalean kalte handirik eragiten, espezien arteko lehia handia dagoelako. Baina, landare inbaditzaileen komunitatea egorkortzen hasten denean, ekosistema naturalak kaltetzen hasten dira. Alegia, landaredi potentziala desplazatu egiten da, faunarentzako ekosistema eta habitat naturala sinplifikatu eta ezabatu egiten dira, paisaia naturala aldatu egiten da, lurzoruaren konposizio fisiko-kimikoa eraldatzen da, eta, azken batean, bertako biodibertsitatea txikitu edota ezabatu egiten da.

Behin landare inbaditzaile bat bertoko ekositema batean egonkortzean, hauen erauzketa lanak ekonomikoki oso garestiak dira, eta lan hauek bertoko ekosistemaren ahultzea eragin dezakete. Adibide gisa, Urdaibaiko Bioesfera Erretserban garatuta dagoen Baccharis halimifolia izurritea dugu. Urdaibaiko patronatuko teknikari batek dioskunez: “ Azken hiru urte hauetan Baccharis halimifolia zuhaixka inbaditzailearen aurkako erauzketa lanak 150.000€-ko aurrekontua izan du. Diru honekin Baccharis halimifolia-k kolonizatuta dauzkan lurzoruaren % 30 tratatu ahal izan da. Baina, gastatutako aurrekontua bezainbeste eta gehiago beharko da ingurunetik Baccharis halimifolia desagertzeko eta burutu diren lanen arrakasta ikusteko”.

Beraz, bidaiari maiteak, landare inbaditzaile hauek kontrolatzeko metodorik egokiena arazoa ezagutzea da eta horri aurre hartzea. Hori dela eta, beste lurraldeetara bidaiatzen denean, bertako baliabide naturalak bertan uztea da egokiena; hori baita beraientzako aproposa den lekua, bertako ekosistemarekin orekan.

Ihintz

Kategoria: debabe, Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.