FUTBOLA EGUNERO

Baloia deitzen diogu futbolean aritzeko gorputz esferikoari. Orain dela mende batekoekin alderatuz, baloiak tamaina, forma eta kolore ezberdinetakoak aurki genitzake edozein bazterretan. Lehen baloi bat edukitzea amets bat izan ohi zen haur askorentzat, gaur egun, ordea, gaztetxoek dituzten jostailuetako beste objetu soil bat da.

Gure guraso eta aitona-amonek esan ohi ziguten mutiko askoren artean konpartitu behar izaten zutela baloia, eta zulatuz gero, behin eta berriz jartzen ziotela partxea. Baloiaren ezaugarriez hitz egitean, forma irregularrak izaten zituztela eta, esajeratuz, baloi karratuarekin jolasten zutela ere esan izan digute.

Deban, gaur egun, izugarrizko afizioa dago futbolerako, eta kirolik praktikatuena da. Neska-mutiko ugari ikusten dugu futbol zelaira joaten eta txapelketetan parte hartzen. Bizitza osasuntsu baten aldeko aisialdiko aukera ona dela iruditzen zait, bakoitza talde bateko kide izanaz jokatzea eta kirola praktikatzea, alegia.

Azken urteotan, hedabideen erdigunean kokatu da eta gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Hasiera batean, asteburuetan izan ohi ziren futbol partikak telebistan, baina kirol horrek dituen jarraitzaileak kontuan hartuta, gaur egun, eguneroko ogi bilakatu zaigu asteko edozein ordu eta egunetan futbola ikustea.

Gizarteak alde batera utzi ditu arazo orokorrak, eta erosoago egoten gara telebistan futbol partidak ikusten. Partidak ostegun iluntzetan eta asteburuetan goiz, eguerdi, arratsalde eta gauetan izaten dira. Lagunarteko elkarrizketa eta arreta bereganatuz, pertsonok animalia tentel bilakatzen gara telebistako baloiari jarraituz.

Azken asteotan, telebista eta futbol klubek hartutako erabakien ondorioz, partiden ordutegiak antolatu dituzte gizarteari egunero eskaintzeko eta, bide batez, interesa duten iragarki eta mezuak sartzeko. Estrategia horrekin beste kirolak baztertu eta kirol errege eta bakar bilakatzen ari dira futbola. Dagoeneko sumatzen da kritikotasun bat jendearen artean, baina hedabideek duten indarraren aurrean ezer gutxi dago egiterik.

Beraz, kontura gaitezen futbola nola sartzen diguten gure arreta bereganatuz. Ondo dago kirol bezala praktikatzea eta tamainan ikustea, baina egunero,ez, mesedez!

Koldo

Kategoria: Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.