GABA BELTZA

Badira urte batzuk festa garrantzitsu bat ospatzeari ekin geniola urriaren 31an. Santu Guztien Egunarekin batera, hildakoei aipamen berezi bat egiten hasi ginen munduko lurralde desberdinetan. Halloween izenarekin ezagutzen dugun festa hain zuzen ere. Irlandako etorkinek Ipar Amerikara eramandako ohitura izan zen, eta jada gure herrietan Gaba Beltza edo Gau Beltza bezalakoak entzuten hasi gara. Baina zergatik aldatu izena gurea ez den ohitura bati?

Badirudi ez dela nahikoa gure senide edota lagunei mendietara, kanposantuetara edo lurperatuak dauden lekuetara loreak eramatea azaroaren 1ean. Dena nahasten hasi gara, gure egutegietan Santu Guztien Eguna jarri beharrean, Gaba Beltza jartzen hasi garelako.

Ezjakintasuna dela bide, batzuen ustez, Gaba Beltza mitologiarekin, sorgin eta akelarreekin zerikusia duen festa da, gure kaleak misterioz betetako pasarteek betetzen dituzteleko. Baina ez ote ginen sorginen sorginkeriak egiten hasiko?

Zalantzan jartzen dut Gaba Beltzak gure kultura eta ohiturekin zerikusirik ote duen. Beste edozein festa komertzialek bezala nahi zehatz batzuk osatzeko sortu dela uste dut, Maiteminduen Eguna sortu zen bezala, adibidez. Horretaz ere gauza asko aipa ditzakedan arren, aurrekoari jarraituko diot. Kostaldeko herri txiki eta zoragarri batean, esaterako, Gaba Beltza delakoa antolatzen hasi dira. Haur, gazte zein helduek, taberna zein tabernariek, denda zein dendariek hartuko dute parte beltz eta laranja koloretako jantzi eta objektuekin.

Has gaitezen denok logika pixka batekin jokatzen gurean eta aldrebeskeriak egiteari uzten. Zaindu ditzagun gure ohiturak eta has gaitezen gure nortasunaren zapaltzaileak baztertzen, gure kulturak eta izateak eskertuko digu-eta. Abestiak esango lukeen bezala: Nor gara gu? Zer gara gu?…

Maitane

Kategoria: Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.