ETXEA KENDU, ETA BIZI OSORAKO ZORRETAN?

Orain arte lotsatu egiten ninduen nire egoeraz hitz egiteak, baina konturatu naiz beste asko ni bezala daudela, eta geure egoerak azaleratzen ez baditugu, ezin izango diogula elkarri lagundu.

Enpresa handi batean hasi nintzen lanean oso gazterik. Bi seme-alaben aita naiz, eta, bigarrena jaiotzeko zegoela, etxe-jabeak alokairuan geunden  pisutik joan behar genuela esan zigun, bere alabarentzat behar zuela eta. Orduan pentsatu genuen pisu berria erostea, eta hala egin genuen. Bankuak ez zigun inolako trabarik ipini hipoteka emateko.

Kontua da, krisian sartzearekin batera, gure enpresatik langileak botatzen hasi zirela. Nire txanda duela hiru urte izan zen. Langabeziaren diruarekin bi urtetan bizitzeko eta hipoteka ordaintzeko lain izan badugu ere, azken urtean amets gaizto batean bizi izan gara. Lan dezenterik ezin aurkitu, ezin hipoteka ordaindu, eta duela bi hilabete ditxosozko hipoteka ez ordaintzearren, etxea enkantean ipini digute. Etxerik gabe eta gainera bizi osorako zordun izango garela agindu digu bankuak.

Azken urtean gai hauxe izan dut obsesio bakarra: 2010ean 2.500 desjabetze txosten egin ziren Hegoaldean, aurten beste horrenbeste edo gehiago, nirea tartean.

Iruditzen zait mundua hankaz gora jarria dagoela,  finantza sistemak berak sortutako krisiaren ondorioa langileek ordaindu behar dutelako. Izan ere, alde batetik, krisia dela eta, langabe geldi zaitezke; bestetik, bankuek zeukatena baino “diru” gehiago eman dutelako, gobernuek tapatu behar izan dute zuloa, baina langileen zergetatik datorren diruarekin.

Espainiako gobernuak indarrean duen Hipoteka Legea ere bide beretik doa; hau da, langileak-langabetuak itotzera eta bankuak aberastera. Begira, bestela, nire kasuari hurbilagotik: erosi nuen etxebizitza 203.000 eurotan tasatu zuten,  baina enkantean 137.350 eurotan saldu nahi izan dute, beraz, 181.846 euroko zorra izango dut bankuarekin.

Hau guzti hau ez da bidezkoa: pobreak gero eta pobreago eta, gainera, bankuen zorrak ordaintzen; baina, noiz arte? Kale bazterrean gelditu arte?

Nik uste dut nahikoa dela: honaino iritsi gara eta ezin dugu gehiago. Bankuei ez al zaie nahikoa hipotekaren zordunei etxebizitza kentzearekin? Har dezatela etxea eta zorrak kitatuta. Baina ez, ez zaie nahikoa iruditzen. Esaten dute etxe gehiegi dutela stock-ean. Agian denboraldi batean hala izango dute, baina joango dira saltzen eta dirua ateratzen. Bestela, ikasi dezatela Europako bankuetatik, hipoteken zordunei etxea kentzearekin zorra ere kentzen diete eta.

 Gai honi hamaika buelta ema dizkiot, eta ez buruan bakarrik, ekintzetara ere pasatu bainaiz. Hipotekak kaltetutakoen plataformara (PAH) inguratu nintzenetik itxaropen apur bat ikusten hasia naiz. Plataforma herri eta hirietako batzordeekin ari da lanean desjabetze kasu bakoitzari irtenbide egokiena aurkitu nahian. Horretarako desjabetzeak aztertu, ebaluatu, oinarrizko laguntza juridikoa eman eta bankuekin hitz egiten dute.

Norbereri gertatutakoaz eta norbererena konpontzeko saioak egiteaz gain,    gobernuaren legea (zorra etxebizitza itzultze hutsarekin kitatzeko) aldatzea eskatu beharko genukeela ere pentsatzen dut,  eta horretarako, denok elkartu beharra dugula; elkarteetan, manifestazioetan, mobilizazioetan etab-etan parte hartuz.

Kategoria: Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.