Gazteak eta langabezia

Krisia gora eta krisia behera gabiltzan garai hauetan, askok ditugu poltsikoak hutsik eta betetzeko aukerarik gabe gaude inork ez gaituelako nahi langile moduan. Dirurik ez omen dago denontzat, eta hori esperientzia gutxikoek edo adin batetik aurrerakoek jasaten dugu, batik bat.

EUSTATen aurki ditzakegun urriaren 20an berritutako datuen arabera, EAEn 111.400 lirateke langabetuak gutxi gorabehera. Horietatik asko eta asko gazteak gara. Esperientzia lortzeko aukerarik ere ematen ez diguten gazteak. Gure ahaleginak egin ditugu ikastetetan fin aritzeko eta titulua lortzeko. Hala ere, unibertsitatetik irten eta aukera handirik ez dugu behin-behineko lanpostu bat lortzeko ere.

Gazteen Euskal Behatokiaren esanetan, 2011ko hirugarren hiluhilekoan, 16-24 urte bitarteko gazteen langabezia tasa %21,7koa da. Adin tarte horretako langabezia-tasak zertxobait behera egin omen du, baina, hala ere, handia da. Lana duen bati ez zaio horrenbestekoa irudituko zenbatekoa, baina langabetuarentzat gehiegizkoa da.

Baten batek esango dit langabezia beti egon dela eta ez diot kontrakorik esango. Baina krisi ekonomikoaren ondorioak nabarmenak dira garai hauetan. Lantegi askok itxi egin behar izan dute eta bertako langileak kalera bota, gobernuek murrizketak egin baitituzte hainbat alorretan: kulturan, hezkuntzan, administrazioan, osasun zerbitzuetan, etab. Eta noski, murrizketok zenbait lanpostu kentzea ekarri dute.

Dena dela, esan beharra dago garai bateko langabezia eta gaur egungoa desberdina dela. Garai batean errazagoa zen lanpostu bat lortzea, askoz ere eskakizun gutxiago bete behar baitziren. Gaur egun eskatzen diren titulazioak, hizkuntza gaitasunak, etab. ez ziren horrenbeste eskatzen gure gurasoen garaian. Askoz ere errazagoa zen oso kualifikatua izan gabe lanean hastea. Baina gaur egun, bere titulazioa eta euskara, gaztelania eta ingelesa ongi ez dakizkienak zail izango du. Izan ere, atzetik etorriko zaio aurreko hizkuntzez gain, frantsesa, alemana, arabea edo txinera dakizkiena eta horrek lehentasuna izango du ziurrenik.

Zergatik gaude horrenbeste gazte langabezian? Hainbat arrazoi daude eta horiei irtenbideren bat bilatzea, eta nola ez, irtenbideak martxan jartzea, ez litzateke gaizki egongo.

Lehenik eta behin, asko begiratzen zaio esperientzia izateari. Baina nola izango dugu esperientzia aukerarik ematen ez badigute? Gaur egun behar handia izan behar dute inolako esperientziarik ez duen pertsona bat lanerako hartzeko edo bihotz oneko pertsonaren bati bihotza xamurtzea lortzea da beste aukera bat. Esate baterako, lizentziatura bukatu ostean, lortu nuen lehenengo lana euskaltegi batean izan zen. Nire ustez, zuzendariari bihotza samurtzea lortu nuen, esperientzia aldetik ez bainuen ezer. Dena dela, eskertzen diot emandako aukera eta nahiko nuke horrelako gehiago egongo balira EAEn zehar.

Etorkinen kontua ere hortxe dago. Gazte askok diru beharrez beraien ikasketekin zerikusi handiegirik ez duten lanak hartzeko joera dute. Zerbitzari, garbitzaile, haur-zaintzaile, nagusi-zaintzaile, etab. Baina gaur egungo etorkinak asko dira eta soldata txikiagoa onartzen dutenez, hainbat nagusik etorkinei ematen diete lanpostua bertako gazteei sos batzuk aurrezteko aukera eman beharrean.

Bestalde, erretiroaren adina atzeratzea ere kaltegarria da gazteontzat. 65 urtetik gorako langile esperientziadunek lanean jarraitu behar baldin badute, ez die uzten aukerarik ikasketak bukatu berri dituen gazteari. Bai, egia da 65 urtetik gorako pertsonentzat ere egoera desberdinak daudela, ez da berdina funtzionario baten postuan egotea edo autonomo izatea. Funtzionarioari ezingo baitzaio lanposua kendu, baina autonomoa ea nork hartuko duen; izan ere, kasu horietan 35 urte ingurukoak nahiago izaten dituzte.

Horrez gain, makinek eta teknologiek hainbat lanpostu kentzen dituzte. Egia da teknologia eta makinak egiteko pertsonak behar direla, baina beste alor batzuetako langileei eragiten die honek. Makinak sortzen eta teknologia berrien inguruan lan egiten dutenei mesede egingo dio, baina beste zenbaitentzat kaltegarri da. Bai, baten batek esango luke garaiak aldatu egiten direla eta ikasketetan beste bide bat hartzeko. Baina zer gertatzen da orain makinek ordezkatzen dituzten lanean aritzen direnekin? Hauek ere izan beharko dute lana egiteko aukera, bada! Horretarako ikasi bazuten edo horretan aritu badira beren bizitzan zehar, orain lanik gabe gelditu eta berriz ikasteari ekitea ez da erraza. Batez ere pisua edo familia mantentzeko urteetan zehar lana egiten ohitu direnentzat, ikastea gogoko ez dutenentzat edo zaila egiten zaienentzat.

Bestalde, dirua ez dago ondo administraturik. Politikari eta maletindun jendearen poltsikoetan biltzen da, batik bat. EAEko langabezia dela-eta, gazte asko kanpora joaten dira lan esperientzia bila edo ikasketekin jarraitzera. Batzuk gustora alde egiten dute esperientzia berri baten bila, baina beste batzuei ez zaie beste aukerarik gelditzen eta denbora baterako (askotan ez dakite ziur zenbaterako doazen) Espainia mailan, Europa mailan edo mundu mailan bidaiatzen dute. Batzuk lanera eta beste batzuk ikasketak bukatzera edo masterrak egitera. Baina zein baldintzatan joaten dira? Ba al dago diru-laguntza onik horientzat? Egon, badaude, baina, askotan, ikasketetan zehar ateratako noten arabera. Baina helmuga duten hiria Madril, Londres edo New York baldin bada, normalean, gutxiegi izaten da diru-laguntza. Hortaz, diru-laguntzak ez direnez nahikoa, lana bilatzeari ekiten diote askok, baina lana aurkitzea gaur egun ez da erraza inon.

Beraz, hainbat arrazoik eragiten dute gazteen langabezia: esperientzia faltak, behe mailako postuak beste batzuen esku egoteak, erretiroa atzeratzeak, teknologiek eta dirua gaizki banaturik egoteak, besteak beste. Arrazoi hauek guztiak ikusi ostean, nahiago nuke irtenbidea aurkitzea, baina uste dut nire esku ez dagoela egoera konpontzea. Hala ere, aurretik aipatutako puntuen inguruan zer egin beharko litzatekeen edo zer egitea gustatuko litzaidakeen aipatzen saiatuko naiz ahalik laburren.

Gazteei aukera gehiago eman beharko litzaieke praktikak egiteko. Orain, beharbada, kontuak aldatzen joango dira, baina askok ez dugu izan praktikak egiteko aukerarik. Praktikek lan-mundura begira asko laguntzen dute, nahiz eta, hala ere, ez den erraza lan munduan tokia lortzea. Esango nuke esperientzia gutxiko gazteoi aukera gehiago eman beharko litzaigukeela, lanean aritzeko aukera, asko baitugu emateko eta ikasteko. Nola edo hala nagusien enpatia edo kontzientziazioa lortu beharko genuke.

Etorkinei ematen zaizkien lanen inguruan, uste dut eskuetatik ihes egiten didan kontua dela. Izan ere, kontratatzen dituztenek beren aukera egin dute eta errespetatu beharrekoa dela uste dudan arren, gazte-jendeari ere aukera ematea litzateke onena, nire ustez.

Erretiroa atzeratzearen kontua, denon onerako bertan behera utzi beharko litzatekeela iruditzen zait, erretiroa hartzeko garaia dutenei atseden emateko eta gazte gogotsuei bidea uzteko egokia baita.

Makinei eta teknologiei dagokienez, neurrian egin beharreko zerbait dela iruditzen zait, makinak sortu eta sortu bagabiltza, pertsonen lekua hartu eta milaka lanpostu ezabatzeko arriskua baitago. Teknologia berriek gauzak errazten dituzte, baina kaltegarri ere izan daitezke.

Azkenik, diruaren kontuari erreparatuz, atzerrira doazenentzat (ikastera edo lanera) diru-laguntza hobeak egon beharko lirateke. Baina nire ustez, ez horientzat bakarrik, EAEn gelditzen direnentzat ere bai. Batez ere bertan lanik ez dagoelako ikasten jarraitzea erabaki dutenentzat.

Beraz, gazteon langabezia-tasa murrizteko badugu zer egina. Orain, horren aurrean zerbait egin dezaten gure ahotsa entzutea falta da. Hala ere, entzutea bakarrik ez da nahikoa, entzun eta kaso egin behar zaigu. Eskutitzak idatzi, bilerak egin, Lanbidera eta sindikatuetara jo, eta abar egin beharko dugu egoera aldatzen hastea nahi baldin badugu.

 Stikstak

Kategoria: Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.