Nola lotu lana, etxea eta haurrak?

Nola lotu ote ditzakegu etxea, lana eta haurrak?

Azken bolada honetan, sarritan entzun dugun galdera horri buruz nire ikuspuntua adierazi nahi dut. Lehenbizi, saiatuko naiz azaltzen niretzat zeintzuk diren eguneroko ardurak edota betebeharrak. Niretzat, besteak beste, hauexek dira:

Umearenak: esnatu, gosaria eman, lagundu janzten, eskolara eraman, eskolatik jaso, eraman “extraeskolarretara”, etxeko lanak egiten lagundu, dutxatu, afaria eman eta oheratu. Gaixorik daudenean, medikuarengana eraman, etxean zaindu, bere irakasleekin bilerak eduki, eta abar.

Etxearenak: etxea txukundu, janariak erosi, prestatu, arropak garbitu, plantxatu, etxeko konponketak egin, etxeko kontabilitatea eraman, banketxeetara joan, eta abar.

Nahiz eta zerrenda nahiko handia izan, segur aski, zerbait ahaztuko zait. Niretzat behintzat, eguneroko hogeita lau orduak ez dira nahikoak hori guztia ondo egiteko. Beraz, nola moldatuko gara lanarekin ere lotu behar baldin baditugu? Orain bai esango nuke arazoak besterik ez dugula edukiko.

Etxea, lana eta haurrak uztartu behar baditugu, bikotekideen artean ondo banatu behar dira eguneroko betebeharrak, norberaren gaitasunaren arabera eta denboraren arabera. Ez dagoena da formula miragarririk hori guztia batera egiteko, ez behintzat nire ikuspuntutik, ez delako berdina bikotekidea eduki, ezkonduta egon, edo ezkongai, dibortziatu, alargun izan…

Hiru gauzei aurre egiteko eta konponbidea lortzeko, neurri desberdinak har ditzakegu, adibidez: txanda-aldaketa, ordutegi-aldaketa, ordutegi-malgutasuna, lanaldi-murrizketa, eszedentzia, neska bat hartu, haurtzaindegi bat erabili, eta abar. Horren ondorioz, familiako konposizioaren edota beharren arabera, irtenbide desberdinak bilatu ditzakegu.

Ez dut nahi bukatu azpimarratu gabe edo berriz esan gabe bikote bakoitza dela adostu behar duena nola banatuko diren bien artean umeen zaintza etxeko lanak. Etxea eta umeak bien erantzukizuna dela nork bere gain hartzen badugu, ez dugu edukiko arazorik lanarekin uztartzeko. Kapaz izango ote gara hirurak bat egiteko?

S.

Kategoria: Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.