Mutriku: Arnoren amorrutik itsasoraino

Mutrikuarra da Idoia, itsasoarekin eta mendiarekin oso lotua bizi den herritarra. Saihesbide eta kanpoko moila berrien proiektu polemikoak herrian nola gauzatu diren azaltzeaz gain, bere iritzia ematen digu Idoiak. Bestalde, hainbestetan ibili den herriko bazter ederren berri ematen digu, eurak bisitatzeko gonbita eginez.  

Arnoren amorrua

Arno mendiak bere magalean dauden herriak babesten ditu; Mutriku da horietako bat. Beste garai batean, gainera, jauntxoen erasoen kontra borrokatzen ziren bidelapurrak ere babesten zituen. Juan Beltza izan zen bandidu horietako bat, eta Mendaroko jauntxo baten gehiegikerien kontra altxatzearren, honek  mendekua hartu, eta mendiko sastrakei su eman zien, bitartean bidelapurrak hiltzeko. Sute izugarriaren ondorengo egunetan bandiduen gorpuak topatu zituzten, baina Juan Beltzarena falta zen; bizirik zirauen. Ordutik aurrera jauntxoa ezin lorik eginda zebilen, eta laster batean hil egin zen. Berehala zabaldu zen herrian Mendaroko jauntxoa Arnoren amorruak hil zuela.

 Arnoren ekialdeko magalean dago Astigarribia auzoa, Mutrikuko lehen biztanleen hasierako gune omen dena. Bertako San Andres elizak (Euskal Herriko zaharrenetarikoa, XI. mendekoa), erromatar galtzadak, dorre-etxeek, kaitxoak, haitzuloek… erakusten digute geologia, historia eta kultura aldetik uka ezineko garrantzia duela. Praile Haitz  paleolitoko aztarnategia Astigarribia aurrean dagoen Debako Sasiola auzoan kokatzen da.

 Praile Haitz lanean diharduen harrobi baten ondo-ondoan dagoenez, herritarrek behin eta berriro eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, harri-ustiaketa horrek kalte gehiago egin aurretik, haitzuloaren babesgunea handitzeko. Baina oraintsu jakin dugu azken berria: ez dute babesgunea handituko. Ez dago zalantzarik: gure agintariek, harrobia diru iturria denez, kultura eta historia baino gehiago zaindu nahi dute. 

Eta, zer gertatuko da Astigarribia eta Arno magalarekin Mutriku-Sasiola saihesbidea egiten bada? Bidea, antza denez, Urreisti baserri ingurutik abiatu, Ibiritik pasa,  eta Astigarribia auzoaren erdi-erdira doa. Udalak 2008an bidetzarraren proiektua  udaletxe azpiko tableroan ipini zuen, aurrez auzotarrekin hitz erdi bat ere egin gabe.  Tableroan irakurrita jakin zuten horiek bidearen berri, eta ondoren, herriari adierazi zioten triskantzaren asmoaz eta kalteez: Nola zainduko zituzten  euren animaliak  lur-sailak sakabanatuta gelditzen baziren? Zein ondorio izango zuten trafikoaren handitzeak eta zaratak ingurumenean? Jauntxoen dorre-etxeak zutik iraungo zutela, baina baserritarren bizi kalitatea non geldituko zen?

Gaur jakin dut obrak 2012rako zirela hastekoak, udal berriak baiezkoa eman diola saihesbideari; baina, krisia dela eta, Aldundiak oraingoz ez duela dirurik ipiniko. Eskerrak krisian gauden; bitartean sakon aztertu nahi omen du Aldundiak proiektua eta  beharrezkoa  ote den ikusi.

Ea egia den Aldundiak zentzuz jokatu nahi duela eta udalak herritarren iritzia entzun nahi duela. Zeren, horrela ez bada, agian, Arnoren amorrua berpiztuko da, jauntxoek babesten ez dakitena berak babesteko.

Oraingoz Arnoren amorrua berpiztu ez denez, aukera ona da Mutrikuko paraje zoragarrietan lasai ibiltzeko. Oso zabala da herri txiki honen lur-eremua, ikusi bestela bere mugak: Gipuzkoan Mendaro eta Deba; Bizkaian, berriz, Markina, Berriatua eta Ondarroa. Erdi Bizkaia erdi Gipuzkoa.

Menditik alde zaharrera

Herria mendi-auzo askok osatzen dute eta hor daude zein baino zein ederrago: Arnoren magalean, lehen aipatu dugun Astigarribia,  Olatz, Ibiri eta Ziñua. Kostalderago, Mijoa, Galdona, Galbaixo eta Laranga. 

Arnoren inguru guztia kareharriz osatua dagoenez, haitzulo ugari daude; horiek atsegin badituzu, benetan gozatuko duzu. Bestalde,  mendi honetan bertan Europako kantauriar artadirik handiena ikus dezakezu. Horregatik izendatu zuten LIC (Lugar de Interes Comunitario). Bertara iristen zarenean, berehala sentituko duzu Arnoren babesa.

Itsasertzari begiratzen badiogu, eta kanpinak atsegin badituzu, hor dituzu Aritzeta baserrikoa eta Santa Elenakoa. Mijoa ibaian behera, berriz, Arbelaitz baserriko kanpina, Saturraranen. Hondartza horixe da, hain zuzen, Mutrikuk daukan handiena.

 Auzo horietatik oinez ibili nahi izanez gero, GRa eta PRak dituzu. Kostaldeko Done Jakue bidea, berriz, Debako Urazhanditik Mutrikuko Urazhemendira dator zuzenean, gero, Kalbario ermitatik Olaltz auzora barneratzen da, hortik Markinarako bidea hartzeko. Oso bide ederra da, benetan.

Menditik herri gunera jaisten bagara, Erdi Aroko egitura duen alde zaharra oso interesgarria duzu. Goiko plazatik hasitako ibilbidean hor ikusiko dituzu hainbat jauregi, gehienak etxebizitza bihurtuta: Galdona; Zabiel, gaur egun kultura-etxea dena; Arrietakua, Gaztaineta kapitanainarena zena eta gerora Txurruka leinukoek bereganatu zutena; Olazaharra, okindegia duena; Luardo, euskararen bilgune; Montalibet, portu gainean; Berriatua dorrea, portu sarreran, herriko etxerik zaharrena (XV.mendea), eta, Aritzeta baserriarekin batera, bahiketa baten historia gordetzen duena.

Arrietakua da barrutik aldatu gabe gelditzen den jauregi bakarra, ez baita etxebizitzetan zatitu, ezta bestelako egitura berririk egin ere. XVIII. mendean eraiki zuteneko altzairu eta dekorazio berberak izateaz gain, Gaztañeta eta Kosme Damian Txurruka itsasgizonen dokumentuak, liburuak, objektu pertsonalak eta koadroak daude. Ondo legoke etxe hau ikusi nahi duenarentzat irekita egotea.  

Kaia, oraindik kai

 Herritik beherantz joanez, berriz, kaira iritsiko gara. Antzina balea-arrantzaleen bizitoki; gerora, baxurako marinelen bizileku eta lan-eremu garrantzitsua izan zen. Nahiz eta gaur egun arrantza-ontzi bakar bat besterik ez egon, oraindik gordetzen du arrantzale portuen xarma. Kaian hiru kofradia (zaharrena, bigarrena eta gaur egungoa) eta arrantzaleen museo txiki bat ditugu. Museoa bigarren kofradian dago.  Hortxe ikusiko duzu duela 45 bat urtera arte arrainak saltzeko erabiltzen zen  bentalekua, antzinako sistema zaharra, Euskal Herrian gelditzen den bakarra.

 Arrantzaleen bizimodua ez da inoiz erraza izan. Mutrikun, gainera, itsaso txarreko egunetan ontziak ezin izaten ziren kaian sartu. Guk etxetik ikusten genituen, beldurrez, aitaren ontzia edo besterenak ezin sartuta: kanpoan gelditzen ziren, hainbat olatu handi pasa eta gero, olatu txikiagoen esperoan, horiekin batera, moilen kontra jo gabe, sartu ahal izateko. Batzuetan libratzen ziren; bestetan, ordea, ez.

Duela urte batzuk itsas korrontea portu barrura sar ez zedin, dike berri bat eraikitzen hasi ziren. Proiektu osoak portu berri bat eraikitzea zekarren, eta herritarrak bitan banatu ziren: aldekoak eta kontrakoak. Kontra zeudenek dikearen beharra ikusten zuten arren, pentsatzen zuten ez zela udalak proposatzen zuen norabidean egin behar; eta portu berriaren diseinuarekin ez zetozen bat. Sei urte pasa dira, eta oraindik ez da dike berria amaitu, dirurik ez dagoelako. Badirudi aurten amaituko dela, baina ez hasieran esanda bezala. Moila berriarentzat dirurik ez badago, gutxiago oraindik portu berria egiteko. Askoz ere hobeto.

Nik uste dut babes-moila bat beharrezkoa zuela herriak, baina nola jakin zein norabide hartu behar zuen? Adituek erabaki zuten,  hainbat ikerketa egin ondoren, gaur duen norabidea zela egokiena. Nik garbi ikusten nuena zen egitasmoa jarraituz gero, portuko ura baretuko zela, baina hondartza berria marea beheran haitzek itxita geldituko zela; eta hala gertatu da. Horrexegatik egin dute piztina berria. Orain Mutrikuk bi piztina natural ditu, barrukoa eta kanpokoa.  

 Babes-dikea eraikitzen ari zirela, inori esan gabe, edo herritarrok behintzat jakin gabe, zentral maremotriza eraikitzen hasi ziren. Proiektu bat bestearen barruan, proiektu batek bestea ordainduko zuelakoan? Hasi ziren dikearen atzealdean itsas olatuen indarrarekin korronte elektrikoa ateratzeko zentrala eraikitzen. Hasi zen zarata ikaragarri bat, izutzeko moduko zarata. Ez genekien zer zen. Zer, eta itsasoa orroka, orroka gau eta egun, koba-zulotik animalia izugarri batek aterako lukeen bezalako  orroak egiten. Orduan ipini zion herriak dragoi-moila izena maremotrizari. Pasa dira hiru urte inguru dragoi-moila isildu zela, eta oraindik ez dakigu argindarrik ateratzen duen ala ez, baina hortxe dago eraikina. Agintariek noizbait informazioa emateko zain gaude oraindik.  

Portutik aldenduz itsas labarretako flysch-ak  ikusi nahi badituzu, bi aukera dituzu: oinez joan hondartza berritik aurrera, haitzez haitz, edo turismo-bulegoak antolatzen dituen itsasontzi-bidaietako bat egin. Badugu flysch-arekin  lotutako museo bat ere, Nautilus izenekoa. Bertan Mutrikura etortzen den udatiar batek − diruari bakarrik begiratzen ez dioten pertsonak badaude oraindik − bere kabuz urtetan zehar herriko itsas labarretan topatutako amoniteak daude. Horiek duela ehunka miloi urte bizi izandako itsas animalia oskoldunen fosilak dira. Garai hartako bizitzak interesa pizten badizu, amoniteak ikusi, ukitu eta bideo baten bidezko azalpenak ere entzun ditzakezu.

Herriak baditu beste hainbat txoko gomendagarri ere, hala nola, Santabata, Saturrarandik Ondarroarako bidea, Xiri Andonegik diseinatutako Atxukale berria…, baina hemen ezin denak aipatu.   Herrira hurbiltzea gomendatzen dizut, zeure begiez ikusi eta goza ditzazun hemen azaldu ezin ditudan kolore, argi, usain, mikroklima, jendearen abegikortasuna etab.

Anima zaitez,  Arno eta itsasoa ez ditugu oraingoz gehiegi haserrarazi eta.        

Idoia

Kategoria: Ikasleen idazlanak. Gorde lotura.